Kontsumitzaileak merkataritza-praktika engainagarrietatik babesteko eta haien erosketak hobeki aukeratzen laguntzeko, Europako Parlamentuak onetsi du Trantsizio Ekologikorako Kontsumitzaileen Ahalduntzeari buruzko Zuzentaraua. Lege berriak produktuen etiketatzea hobetuko du eta ingurumen baieztapen engainagarriak erabiltzea debekatuko du.
Zuzentarauaren helburua da produktuen etiketatzea argiagoa eta fidagarriagoa izatea, ingurumeneko alegazio orokorrak erabiltzea debekatuz, hala nola ‘ingurumena errespetatzen du’, ‘naturala’, ‘biodegradagarria’, ‘klimatikoki neutroa’ edo ‘eko’, inolako frogarik ez badago.
Hemendik aurrera, jasangarritasun-etiketen erabilera ere arautuko da, ugaritzeak eta erreferentzia konparagarririk ez erabiltzeak eragindako nahastea dela eta. Etorkizunean, Europako Batasunak ziurtapen-sistema ofizialetan oinarritutako edo agintari publikoek ezarritako jasangarritasun-etiketak bakarrik onartuko ditu.
Era berean, zuzentarauak produktu batek ingurumen inpaktu neutroa, txikia edo positiboa duela baieztatzea debekatuko du, emisioak konpentsatzeko sistemei esker.