EP-PerMed da laguntzen deialdi horren izena, eta Nafarroako Gobernuaren funts propioek eta Europar Batasuneko Horizon funtsek finantzatzen dute

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak, Energiako, Enpresen I+G+b-ko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, 1.543.125 eurorekin finantzatuko ditu medikuntza pertsonalizatuan zentratutako I+G proiektuak, betiere Europako partzuergoek garatuak badira. EP-PerMed izeneko deialdi hori 7 urtez garatuko da. Urtero proiektu berriak aurkezten ahalko dira. Proiektu horiek 200.000 eurora arteko finantzaketa jasotzen ahalko dute, eta 3 urteko iraupena izanen dute.

Lehen urte honetako deialdiaren helburua medikuntza pertsonalizatuaren arloko ikerketa proiektuak finantzatzea da, betiere tratamendu baten emaitzen jarraipena egiteko aukera ematen duten biomarkatzaile osagarriak edo bestelako markatzaileak identifikatu edo baliozkotzea izanik helburu. Gainera, diziplinarteko elkarlana sustatu eta ahalbidetu nahi da, ikerketa aurreklinikoa eta klinikoa uztartuta proiektu translazionaletan.

Deialdiaren bitartez, sektoreen arteko elkarlana sustatu nahi da, sektore pribatua eta industria ez ezik, agentzia arautzaileak eta pazienteen elkarteak ere kontuan izanik. Partzuergoak nazioz gaindikoak izatea ere eskatzen da. Horrek esan nahi du partzuergo bakoitzean EBko hiru estatu kideetako edo hiru herrialde desberdinetako hiru bazkide, gutxienez, inplikatu behar direla eta bazkide horien finantzaketa erakundeak deialdian partaide izanen direla.

Irakurri gehiago