Urtarrilaren 1ean indarrean sartu ziren zenbait gardentasun-arau, eta horiek lagungarriak izanen dira Europar Batasuneko estatuentzat, balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZ) iruzurraren aurka borrokatzeko.
Arau berriek ahalbidetuko dute Europar Batasuneko estatuetako zerga-administrazioak ordainketei buruzko zenbait informazio eskuratzea, eta horrek erraztuko du BEZaren iruzurra detektatzea, bereziki merkataritza elektronikoan, BEZaren ez-betetzeak eta iruzurrak ohikoagoak baitira kasu horretan. Horrek, aldi berean, hutsuneak sortzen ditu ezinbesteko zerbitzu publikoak sostengatzen dituzten sarrera fiskaletan.
Adibidez, lineako saltzaile batzuek ez dute egoitza fisikorik Europar Batasuneko ezein estatutan, eta ondasunak eta zerbitzuak saltzen dizkiete EBko kontsumitzaileei, BEZaren ondorioetarako inon erregistratu gabe, edo, erregistratuta ere, linean egindako salmenten balioa baino gutxiago deklaratzen dute. Hortaz, estatu kideek tresna indartuak behar dituzte legez kontrako portaera hori detektatzeko eta desagerrarazteko.