Indarrean sartu dira EBko arau berri eta aitzindari batzuk, eta horien bidez zergapetze efektiboko % 15eko gutxieneko tasa ezarri da Europar Batasuneko estatuetan jarduten duten enpresa multinazionalentzat.
Araudi horrek ekitate eta egonkortasun handiagoa emanen dio EBko eta mundu guztiko zerga-egoerari, eta, aldi berean, fiskalitatea modernoago bilakatuko du eta egungo mundu globalizatu eta digitalera hobeki egokitzen lagunduko du. Zergapetze efektiboko gutxieneko arau horiek aho batez adostu zituzten estatu kideek 2022an, eta, horiek indarrean sartzearekin bat, «Bigarren Zutabea» delakoaren arauen aplikazioa formalizatu du EBk. 2021eko nazioarteko erreforma fiskalari buruzko munduko akordioaren ondorioz onetsi ziren arau horiek.
140 herrialde eta lurralde atxiki zaizkie arau horiei, baina EB aitzindaria izan da aginduzko zuzenbidean horiek txertatzen. Enpresen mozkinak zerga baxuko lurraldeetara eramateko pizgarriak murriztu dira, eta, hala, Bigarren Zutabeak mugatu egin du «beheranzko lehiaketa» delakoa; hots, herrialdeen artean dagoen lehia sozietateen gaineko zergaren tasak murrizteko, inbertsioak erakartzearren. Neurriek dagoeneko emaitzak izan dituzte; izan ere, zergarik gabeko zenbait lurraldek iragarri dute sozietateen gaineko zerga bat ezarriko zaiela aplikazio-eremuaren barruan dauden enpresei.