El Res4City Startup Europe Accelerathon programak, berrikuntza aplikatu eta irekirako lehiaketa baten bidez, irtenbideak eta finantzaketa bilatzen ditu hiri adimendunek energia berriztagarrien, ekonomia zirkularraren eta erregaien teknologiaren esparruan dituzten erronketarako. Ikasleek, ETEek, ekintzaileek, ikertzaileek, start-upek eta mundu osoko erakunde eta entitate publiko zein pribatuek aurkezten ahal dituzte beren ideiak, eta epea otsailaren 15ean bukatuko da.
Res4City proiektuak 36 hilabete irauten du, eta 2,5 milioi euroko aurrekontua du. Haren helburua da hirietan energia berriztagarrien eta erregai-teknologien garapena sustatzea, hezkuntza-programa berritzaile bat diseinatuz eta, horrekin batera, jasangarritasuna eta zirkulartasuna sustatuz, trantsizio energetikoa arrakastatsua izan dadin.
Accelerathon-i aurkezten zaizkion proposamenek irtenbidea eman behar diote finkatutako hiru erronketako bati. Lehenengo erronkaren gaia da nola erabili energiaren biltegiratze adimenduna ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura erabilgarriagoa eta fidagarriagoa izan dadin; izan ere, mugikortasun elektrikorako trantsizioak elektrizitate-eskariaren % 25eko igoera ekarriko du 2040rako, egungo eskariarekin alderatuta.