Dagoeneko ematen ahal da izena Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko Unibertsitateen 2. Topaketarako. Lehen topaketa 2022an egin zen Donostian, eta arrakasta handia izan zuen. Aurten bilgunea Biarritz izanen da, Le Connecteur espazioa hain zuzen, eta ekitaldia otsailaren 12an izanen da. Berriz ere, topaketaren helburuak izanen dira lankidetza-aukera berriak sortzea ABEN Euroeskualdearen barnean eta eragileen arteko sinergiak sortzea bultzatzea.
ABEN Euroeskualdeko Unibertsitateen 1. Topaketan bezala, gaiaren araberako aurkezpen eta bilera tematikoak antolatuko dira, hiru lurraldeetako unibertsitate-ingurunea eta bertako eragile nagusiak hobeki ulertzeko. Bigarren topaketa honetan berrikuntza bat izanen da: bertara biltzen direnek B2B bilerak eta pitching saioak egiten ahalko dituzte elkar ezagutzeko, ideiak trukatzeko eta lankidetza-aukera berriak identifikatzeko. Topaketan parte hartzen dutenek aribidean zein amaituta dauzkaten proiektuak aurkezten ahalko dituzte, bai eta ikerketako lanpostu hutsak, artikuluak eta prestakuntza-aukerak ere, besteak beste. Aurkezpenak frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz eginen dira eta bat-bateko itzulpenak eginen dira. Gainera, parte-hartzaileek beren lanak karteletan erakusten ahalko dituzte ekitaldian zehar, eta horrela beren jardunaren emaitzen, proiektuen eta ideien berri plazaratzen ahalko dute.
Orobat, Euroeskualdeko unibertsitateen arteko lankidetzarako plataforma aurkezteko da: UNINAEN. Plataforma hori azken hiletan garatu du Euroeskualdeak; bertan unibertsitateen arloko informazioa bilduko da eta eragileek datuak trukatzen ahalko dituzte. Helburua da Euroeskualdeko unibertsitate sareko unibertsitateen eta goi-irakaskuntzako ikastetxeen kontsultak erraztea. Horrez gainera, hiru eskualdeetako unibertsitateetako komunitateen arteko sareak sortzea bultzatuko du (irakasleak, ikertzaileak, mugikortasun-arduradunak, proiektu-kudeatzaileak e.a.).
Argibide gehiago eta inskripzioak