Interreg Europe programaren bidez finantzatutako prestakuntza-zentro pilotu hau 2026. urtean sortuko litzateke REESES ekimenari esker. Ekimen hori Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak suspertu du, eta bertan Batasuneko beste sei eskualdek ere parte hartzen dute.
2026tik aurrera Nafarroan egonen da Ekonomia Sozialeko Negozioen Europako lehen eskola, Foru Gobernuak, ANELek (Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresen Elkartea) eta Europar Batasuneko beste sei eskualdek bultzatutako proiektu bati esker. Izan ere, ekimen horren arabera Foru Komunitatean egonen da prestakuntza-zentro pilotuaren egoitza.
REESES proiektua Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren eta Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiaren bidez (proiektua abiatu zenean Garapen Ekonomikorako Departamentuan zegoen eta gaur egun Eskubide Sozialetako Departamentuan) landu du Nafarroako Gobernuak, eta horretan ANEL elkartearen laguntza eduki du (Nafarroako gizarte ekonomiako enpresak, lan-sozietateak zein kooperatibak).
Prestakuntza-zentroa berritzailea izanen da Estatuan eta are Europan ere, eta beraren aurrekontua 1.885.230 eurokoa izanen da guztira; zenbateko horren % 80 Interreg Europe programaren bidez finantzatuko da. Nafarroan eginen den atalari 507.500 euro dagozkio. Ekimen hau bat dator Nafarroako Gobernuak ekonomia sozialaren alde (Nafarroan bertan zein nazioartean) egindako apustu estrategikoarekin (S-4).
Europako REESES proiektua (Reinforce Regional Social Economy Ecosystems and Stakeholders capacity) Interreg Europe programaren bidez finantzatzen da, eta beraren helburua da hobetzea eskualdeko ekonomia sozialeko ekosistemen arloko eskualde-garapeneko politiken aplikazioa eta haien stakeholder-en (interesdunak) gaikuntza. Horretarako, lankidetza eta saregintza sendotuko dira eta ekonomia sozialeko eragileen gaitasunak hobetuko dira, Europan enplegu iraunkorra eta integratzailea sortzeko, Ekonomia Sozialaren Europako Planarekin eta Eskualdeetako Gaitasunen Europako Agendarekin bat etorriz.