241.000 euro erabiliko dira 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa honetarako, hainbat jardueratan onurak, deskontuak eta prezio bereziak eskaintzeko.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) Europako Gazte Txartela programaren finantza-erakunde laguntzaileak hautatzeko irekitako prozesua itxi du. Horrela, lankidetza-hitzarmena sinatu da Nafarroako Rural Kutxarekin eta Imagin-ekin, CaixaBank-ek sustatutako gazteentzako zerbitzu digitalen eta bizi-estiloaren plataformarekin, 2024rako Gazte Txartela programarako. Gaur egun, programa honek 93.639 titular ditu Foru Komunitatean. Sinatutako hitzarmenari jarraiki, finantza-erakunde bakoitzak 93.000€ emanen ditu programa hori garatzeko, eta NGIk, programa kudeatzeaz arduratzen den erakundeak, 55.000€ bideratuko ditu horretarako.
Gazte Txartela European Youth Card Association (EYCA) elkarteak sustatutako programa bat da. Europako Kontseiluaren babesa du, eta Espainian Gazteriaren eta Haurreriaren Ministerioak garatzen du, Gazteriaren Institutuaren (INJUVE) eta gainerako autonomia-erkidegoen bitartez. Horrela, prestazioen elkarrekikotasuna bermatzen da lurralde guztietan. 80.000 puntu baino gehiagok eskaintzen dituzte deskontuak, txartela hedatuta dagoen 38 herrialdeetan. Toki horiek gazte-txartelaren establezimendu laguntzailearen pegatinarekin identifikatuta daude, eta eskainitako deskontuak salmenta-prezioaren gainean egiten dira, eskaintza berezietan eta/edo merkealdietan izan ezik.