MareNostrum 5, Europan sortutako mundu mailako superordenagailu berriena, Bartzelonan inauguratu dute gaur.
Gaur egun, munduko hamar superordenagailu indartsuenetako bat da. Bartzelonako Superkonputazio Zentroan dago, eta Europako zientziaren eta industriaren esparruko erabiltzaile ugarik baliatzen ahalko du 2024ko martxotik aitzina.
MareNostrum 5ek 314 petaflops-eko errendimendua du gehienez, hau da, 314 000 bilioi kalkulu segundoko. Europako superordenagailurik ekologikoena ere bada. Energiaren ikuspegitik oso eraginkorra izanen da, eta energia jasangarriarekin funtzionatuko du oso-osorik. Sortzen duen beroak eraikina berotzeko balioko du.
MareNostrum 5 munduko superkonputazio-sistema berritzaileenetako bat da, eta arazo zientifiko konplexuak konpontzeko diseinatuta dago. Europan lana hainbat eremutan sustatzen lagunduko du. Adibidez, Europako ikerketa medikoari lagunduko dio sendagaien eta txertoen garapena babesten eta birusaren hedapenaren simulazioak egiten. Superkonputazioko aplikazio tradizionaletarako ere erabiltzen ahalko da, besteak beste, klimaren arloko ikerketan, ingeniaritzan, materialen zientzian eta Lurraren zientzietan.
Superordenagailuak Europako beste ekimen batzuk hobetuko ditu, hala nola Destino Tierra, planeta osoaren eredu digital oso zehatza garatzea helburu duena, eta gizakiaren biki birtualaren Europako ekimena, gaur Batzordeak inauguratua. Ekimen horrek zientzialariei lagunduko die giza organismoa hobeki ulertzen eta osasun-laguntza eta medikuntza pertsonalizatua hobetzen.