Ekimenak PreDisc izena du, eta Interreg Sudoe lankidetza-programaren esparruan garatuko da, Navarrabiomed zentroaren gidaritzapean.

Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroak PreDisc proiektuaren ezarpena koordinatuko du. Proiektu hori osasun-arretako eredu bat da, adinekoek bizi-kalitatea hobetu dezaten, ospitaleratuta egon bitartean jarduera fisikoa egiteko programa pertsonalizatu bati jarraitzeari esker. Horren jarraipena oinarrizko osasun-laguntzan txertatuko da, eHealth izeneko tresna berritzailea garatuz.

Pazienteen ospitale-desgaitasuna prebenitzeaz gain, PreDisc-ek osasun-teknologia berriak eskuratzen lagunduko die landa-eremuetan bizi diren adinekoei, eta ospitaleratzeak optimizatzea eta osasun-baliabideak egokitzea ahalbidetuko du. Ekimen hau Interreg Sudoe (2021-2027) lankidetza-programaren barnean dago, eta Navarrabiomedek koordinatuko du. Nafarroako, Euskal Autonomia Erkidegoko, Frantziako, Andorrako eta Portugalgo 16 erakundetako profesionalek hartuko dute parte.

PreDisc-en guztizko aurrekontua 1.288.550 eurokoa da, eta Interreg Sudoe Programaren bidez finantzatuko da zenbateko horren % 75. Programa horrek nazioz gaindiko proiektuak bultzatzen laguntzen du Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez (FEDER), eta, hala, eskualdeen garapena sustatzen du Europako hego-mendebaldean.  Programak lankidetza sustatzen du, Europako hego-mendebaldeko eskualdeek dituzten arazo komunak konpontzeko.

Informazio gehiago