Saioa 11:00etan eginen da, doakoa da eta aldez aurretik izena eman behar da
Nafarroak Europar Batasunean duen Ordezkaritzak finantza-merkatuei eta finantza-zerbitzuei buruzko Europako legeen gaineko mintegi birtual bat antolatu du abenduaren 15ean, 11:00etan. Mintegia doakoa da, eta esteka honetan eman behar da izena. Saio horren bidez, Ordezkaritzak informazioa eman nahi du merkatu eta zerbitzu digitalei buruzko Europako lege berriez eta Nafarroarako dituen ondorioez.
Plataforma digitalak –hala nola Amazon, Google edo Facebook– gure bizitzaren zati handi bat betetzen ari dira orain dela 20 urtetik hona. Digitalizazioaren onurak agerikoak dira, baina merkatuan nagusi diren plataforma horietako batzuek abantaila neurrigabea dute beren lehiakideen aldean. Gainera, baliteke eragin kaltegarria izatea demokraziarako, oinarrizko eskubideetarako, gizarteentzako eta ekonomiarako. Sarritan, haiek erabakitzen dute zer berrikuntza etorriko diren edo kontsumitzaileek zer aukeratuko duten, eta, hortaz, enpresen eta Interneteko erabiltzaileen arteko harremanen “zaindari” bihurtu dira.