Europako Batzordeak Europa Digitala programaren 2023-2024rako lan programen aldaketa onetsi du.
Batzordeak 2024rako aldatu diren lan-programak onetsi ditu, Europa Digitala (PED) programarako. Programa horietan helburuak eta gai-eremu berariazkoak deskribatzen dira eta, guztira, 762.7 milioi euroko finantzaketa izanen dute. Lan programa horietan hainbat inbertsio estrategiko ere badaude, zeinak funtsezkoak izanen baitira Europako Hamarkada Digitala gauzatzeko. Europa Digitala programaren xedea da Europako subiranotasun teknologikoa indartzea eta irtenbide digitalak merkaturatzea herritarren, administrazio publikoen eta enpresen mesedetan; aldi berean, Europako Itun Berdearen helburuak lortzen laguntzen du.
Lan-programa nagusia ia 549 milioi eurokoa izanen da 2024rako. Diru horren erdia baino gehiago aurreko lan-programen esparruan hasitako jardueren jarraipena eta haien bilakaera bermatzeko erabiliko da, baita martxoan argitaratutako 2023-2024 lan-programaren bidez abiarazi ziren ekintzak bermatzeko ere. Lan-programa nagusiak barnean hartzen ditu teknologia digitalak erabiltzen dituzten hedapen-proiektu berariazkoak, hots, superordenagailuak, datuak, AA (adimen artifiziala), hodeia, zibersegurtasuna eta gaitasun digital aurreratuak erabiltzen dituztenak.