2019az geroztik, Elkartasunerako Europako Gorputza programak Europatik etorritako 71 gaztek Foru Komunitateko gizarte erakundeetan lan boluntarioak egitea ahalbidetu du
Elodie, Queeny eta Constantine dira aurten Elkartasunerako Europako Gorputza programan parte hartu duten Europako hainbat herrialdetatik etorritako 30 pertsonatik hiru. Programa hori Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak ezarri du, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bidez. Zehazki, Italiatik, Alemaniatik, Frantziatik, Errusiatik eta Serbiatik etorritako 35 gazte europarrek egin dituzte borondatezko lanak Nafarroako 11 gizarte erakunderekin. Egonaldia urtebetez luza daiteke. Orain arte, Europako Batzordeak finantzatutako eta 2019an abian jarritako programa horri esker, Europako 71 gaztek aktiboki parte hartu dute Foru Komunitateko gizarte proiektuetan.
Elkartasunerako Europako Gorputzaren (CES) helburua da aukerak sortzea 18 eta 30 urte bitarteko gazteek hirugarren sektoreko boluntariotza proiektuetan parte har dezaten, bai beren herrialdeetan, bai atzerrian. Horrela, Europako boluntarioek honako lan hauek egiten dituzte, besteak beste: gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonei laguntzea, jangela sozialetan laguntzea, aisialdiko eta denbora libreko jardueretan laguntzea edo zahartze aktiboko programetan parte hartzea. Jarduera horiek guztiek izaera soziala dute, eta justizia soziala, ekonomia sozial eta solidarioaren sustapena, jasangarritasuna eta gazteen parte-hartzea bezalako printzipioekin lerrokatu nahi dira.