Boluntariotza-jarduerek bultzada handia izanen dute 2024an, Europako Elkartasun Kidegoaren esparruko proposamen-deialdi berri bati esker. Deialdia EB osoko eta EBtik kanpoko gazteei zuzenduko zaie, jarduera solidarioetan parte hartu dezaten.

Honako eremu hauek hartzen ditu barnean: gizarte-inklusioko ekintzak, aukera gutxien dituzten pertsonei laguntzea, urratsak ematea trantsizio ekologiko eta digitalerako eta parte-hartze demokratikoa handitzeko, eta osasunarekin zerikusia duten erronkei aurre egitea.

2024rako, Batzordeak berrikusi egin du Europako Elkartasun Kidegoaren finantzaketa-eredua, eta dirulaguntzen zenbatekoak handitu ditu, inflazioaren eragina arintzeko eta bermatzeko proiektuek aurrekontu nahikoa dutela. Gainera, deialdi berriak pizgarriak eskaintzen ditu bidaia ekologikoak egiteko.

Programa irekita dago 18 eta 30 urte bitarteko pertsonentzat, erronka sozialei heltzen dieten elkartasun-jardueren kasuan, eta 18 eta 35 urte bitarteko pertsonentzat, EBtik kanpoko laguntza humanitarioko jardueretan aritzeko. Kidegoaren jardueretan parte hartu nahi duten gazteek izena eman beharko dute Europako Elkartasun Kidegoaren atarian, eta han bilatu eta aurkitu ahal izanen dituzte proiektuak egiten dituzten erakundeak. Atarian izena eman duten gazte-taldeek ere finantzaketa eskatu dezakete haiek beraiek zuzenduko dituzten proiektu solidarioetarako.

Europako Elkartasun Kidegoaren esparruan jarduerak egiteko finantzaketa eskatu nahi duen erakunde publiko edo pribatu orok kalitate-zigilu bat izan beharko du, ziurtatzeko gauza dela kalitate handiko jarduera solidarioak egiteko, programaren printzipioekin, helburuekin eta betekizunekin bat. Eskaera aurkez dezakezu Europako Elkartasun Kidegoaren agentzia nazionalen bidez (egoitza dute EBko estatu guztietan eta herrialde elkartuetan –Islandia, Liechtenstein, Ipar Mazedoniako Errepublika eta Turkia–), edo  modu zentralizatuan kudeatutako ekintzen kasuan, Hezkuntza eta Kulturako Europako Agentzia Exekutiboaren bitartez, modu zentralizatuan kudeatutako ekintzen kasuan (adibidez, lehentasun handiko eremuetako boluntario-taldeak edo Laguntza Humanitarioko Europako Boluntarioen Kidegoa).