Batzordeak beste urrats bat egin zuen atzo EBko energia-sistema etorkizunera egokitzeko bidean. Horretarako, interes komuneko proiektuen eta elkarren intereseko proiektuen hasierako zerrenda onetsi du, Europako Itun Berdeak ezartzen dituen irizpideekin bat etorriz. Mugaz gaindiko funtsezko azpiegitura-proiektu horiek lagungarriak izanen dira EBk energiaren eta klimaren eremuan ezarri dituen helburu zorrotzak lortzeko bidean. Proiektuok baimentzeko eta arautzeko prozedura sinplifikatuak izanen dituzte, eta Europar Batasunaren «Konektatu Europa» Mekanismoaren dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte.

Zerrenda hori Europako mugaz gaindiko energia-sareei buruzko erregelamendu berrikusiaren esparruan onetsi da. Erregelamendu horrek amaitu egiten ditu erregai fosilen azpiegiturei emaniko laguntzak, eta etorkizuneko mugaz gaindiko energia-azpiegiturak ditu ardatz. Interes komuneko proiektuak ez ezik —hau da, EBko lurraldearen barruko proiektuak—, lehenbizikoz elkarren intereseko proiektuak ere bildu ditu —hots, EB beste herrialde batzuekin lotzekoak—. Batzordea arduratuko da proiektuak azkar osatzeaz, eta hura arduratuko da, orobat, hemendik 2030era bitartean proiektuon bidez EBko sarearen gaitasuna bikoizteaz eta ezarritako helburua betetzen dela bermatzeaz: energiaren % 42,5 iturri berriztagarrietatik lortzea.