Europako Batzordeak EBren larrialdi-neurrietako batzuk zabaltzea proposatu dio Kontseiluari: zehazki, energia-krisiari aurre egiteko iaz onetsitakoak.

Europar Batasunak koiuntura askoz hobea du aurten, eta krisia kudeatzeko tresnek erakutsi dute eraginkorrak direla merkatuak baretzeko eta hornidura egonkorra bermatzeko. Hori hala den arren, neurriok beste hamabi hilabetez luzatzeak are babes irmoagoa emanen du, munduko energia-merkatuetako egoerak tentsio handian jarraitzen baitu.

Neurrion barnean daude, esate baterako, Elkartasun Erregelamendua deiturikoa —gas natural likidotuaren merkatuaren gardentasunari buruzko xedapenak eta, eskasia izanez gero, elkartasunaren arloko arau lehenetsiak jasotzen dituena—, merkatua zuzentzeko mekanismoa, eta energia berriztagarrien proiektuetarako baimenak bizkortzearekin lotutako larrialdi-arauak.

Batzordearen lehentasun nagusietako bat merkatuaren erresilientzia hobetzea da oraindik ere. Horrekin batera, energia garbia lortzeko trantsizioa bizkortzen da eta energia-horniduraren segurtasuna bermatzen da, Europako toki gehienetan hasi baita berogailuak erabiltzeko denboraldia. Proposatutako luzapenak indarra har dezan, Kontseiluak gehiengo kualifikatuz onetsi behar du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 122. artikuluan jasotako moduan.

Informazio gehiago