Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea nazioarteko kanpaina garrantzitsu bat da, hondakinen prebentzioa areagotzera bideratua.
Urtero egiten da, azaroko aste batez, eta hartan parte hartzen dute agintari publikoek, enpresa pribatuek, ikastetxeek, gizarte zibilak eta herritarrek. Guztien artean, laguntzen dute hirietan eta eskualdeetan hondakinak murrizteko mezua zabaltzen.
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen 15. edizioa azaroaren 18tik 26ra izanen da aurten, eta orotara 14.522 ekintza eginen dira 29 herrialdetan, 35 koordinatzaileren lankidetzari esker.
Aurten, bilgarriak izanen dira Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen muina. Ontziek egundoko garrantzia dute gure eguneroko bizitzan, eta askotariko hornidura-kateetan baliatzen dira. Alabaina, sekulako ingurumen-inpaktua eragiten dute. Erabilerari dagokionez, Europar Batasunean baliaturiko plastikoen % 40 eta paperaren % 50 ontzietarako erabiltzen dira, eta bizitzaren azken fasean, berriz, hiri-hondakin solidoen % 36 osatzen dute.
Ildo horretan, Foru Komunitateak ekitaldi bat antolatu du aste horrekin loturik, Nafarroak Bruselan duen Bulego Iraunkorraren bitartez.