Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak SIC 2023 bonuak eskatzeko epea ireki du, eta azaroaren 20ra arte eskatzen ahalko dira

Industriako eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko Departamentuak SIC 2023 bonuak eskatzeko epea ireki du. Bonu horiek Nafarroako enpresa txiki eta ertainei (ETE) eta SINAI Nafarroako I+G+Bko Sistemako eragileei zuzenduak dira, I+G+Ba finantzatzeko Europako programetan parte har dezaten.

Deialdiak 150.000 euroko zuzkidura du, eta aholkularitza-enpresak kontratatzeko baliatzen ahalko dira laguntzak, ondotik ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuak definitu, landu eta aurkezteko. Hala, ikerketa zientifikoa, garapen teknologikoa eta berrikuntza (I+G+B) finantzatzeko EBko programa-deialdietara aurkezten ahalko dira.

Zehazki, enpresek eta eragileek programa hauetakoren batean proiektu-proposamen bat aurkezteagatik eskuratzen ahalko dituzte SIC bonuak: Horizonte Europa programa, EURATOM ikerketa- eta prestakuntza-programa, Europa Konektatzeko Mekanismoa, Europa Digitala, Merkatu Bakarra, Europako Espazio Programa eta LIFE Ingurumenerako eta Klima Ekintzarako programa.

Laguntzaren zenbatekoa aholkularitza-enpresa kontratatzeko gastuaren % 80koa izaten ahalko da gehienez, betiere ez baditu gainditzen gehieneko jakin batzuk, zeinak erakunde-klasearen eta proiektuaren fasearen arabera zehazten baitira.

Eskaerak azaroaren 20ra arte egiten ahalko dira Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan, horretarako fitxa baliatuta.