Deialdi horrek klima-aldaketari aurre egiten, ingurumena babesten, lehiakortasunean eta landaguneei bizirik eusten lagunduko du.

Nekazaritza Politika Erkide berriaren Plan Estrategikoaren esparruan, Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak 12 milioi euroko inbertsioak egiteko laguntzak aurkeztu ditu gaur (osteguna). Laguntza horiek 2023-2027 legealdi osoan aplikatuko zaizkie nekazaritzako elikagaien industriei.

Zehazki, 9.500.000 € bideratuko dira lehiakortasun-helburuak dituzten proiektuetara, eta beste 2.500.000 € ingurumen-helburuak dituztenetara.

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak kudeatuko ditu laguntza horiek. Finantzaketari dagokionez, % 25 Europar Batasunak emana da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez, eta gainerako % 75a, berriz, Nafarroako Gobernuak.

Deialdia azaroaren 28an argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Nekazaritzako elikagaien industrietan inbertitzeko laguntzek tradizio luzea dute Nafarroako Gobernuan. 2000tik 2020era bitartean, deialdi horiek Landa Garapenerako Planaren barruan bideratu ziren, Europar Batasunak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin finantzatuta.

Informazio gehiago