EBko merkataritza-politika egikaritzeari eta aplikatzeari buruzko urteko hirugarren txostenaren arabera, zeina gaur argitaratu baitute, EBko merkataritzaren balioa 2 bilioi eurotik gorakoa izan zen lehen aldiz 2022an, munduko erakunde bazkideekin izenpeturiko merkataritza libreko akordioen esparruan.

Europako Batzordearen txostenak erakusten duenez, ia % 30 areagotu zen 2022an batez beste 20 erakunde bazkide nagusiekin izaniko merkataritza-trukea. Europako Batzordeak, EBko estatu kideekin eta enpresekin lankidetzan, 30 oztopo komertzial baino gehiago ere gainditu ditu 19 herrialdetan. Azken bost urteetan gaindituriko oztopoek esportazio ugari desblokeatu dituzte Europar Batasunean: 2022ko datuak soilik harturik, 7.000 milioi euro. Gure akordioei esker, orobat, gehiago babesten dira ingurumena eta langileen eskubideak.

Europar Batasunak du munduko merkataritza-akordioen sarerik zabalena: 74 herrialde dira guztira, eta EBko merkataritza osoaren % 44 osatzen dute. 2022an, EBren eta haren merkataritza-erakunde bazkideen arteko truke komertzialak gainditu egin zuen EBk gainerako erakunde bazkide guztiekin duen merkataritza-kuota (produktu energetikoen kasuan izan ezik). Akordio horiei esker, eutsi egin zaie merkataritzari eta inbertsioari, kontuan izanik komertzio globalak gero eta erronka geopolitiko handiagoak dituela, hala nola Errusiak Ukrainaren aurka abiarazitako erasoa.

Informazio gehiago prentsa-oharrean.