Europako Batzordeak 396 milioitik gorako inbertsioa iragarri du LIFE programaren barruko klima eta ingurumen ekintzako 171 proiektu berri gauzatzeko. Finantzaketa horrekin Europako ia herrialde guztietako ekimenak bultzatuko dira, azpiprograma hauen esparruan: natura eta biodibertsitatea; ekonomia zirkularra eta bizi-kalitatea; klima-aldaketa arintzea eta hartara egokitzea; eta energia garbirako trantsizioa.

Guztira, 722 milioi eurotik gorako inbertsioa eginen da, hau da, iazkoa baino % 28,5 gehiago. Proiektuek Europako Itun Berdea ezartzen lagunduko dute, 2030erako Biodibertsitaterako Europar Batasunaren Estrategiaren esparruan eta Ekonomia Zirkularraren Ekintza Planaren esparruan.

Naturari eta biodibertsitateari buruzko 29 proiektuk ur gezako, itsasoko eta kostaldeko habitatak eta ekosistemak lehengoratuko dituzte; horretarako 211 milioi euro inguruko aurrekontua dute, eta horietatik 140 milioi euro inguru EBk jarriko ditu.

Ekonomia zirkularraren eta bizi-kalitatearen arloan, LIFE proiektuek 298 milioi eurotik gora mugituko dituzte, eta horietatik 94 milioi euro EBk jarriko ditu. Guztira 36 proiektuk uraren erabilera, hondakin elektrikoak, produktu kimikoak, airearen kutsadura eta zarata izanen dituzte ardatz, herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.

Bestalde, bost proiektuk gobernantza eta ingurumenaren arloko informazioa hobetuko dituzte: batetik, kontsumitzaileak ahaldunduko dira toxikorik gabe bizi daitezen eta elikagai jasangarriak aukera ditzaten, eta, bestetik, udalerriei lagunduko zaie hondakinen kudeaketan jardunbide egokiagoak aukera ditzaten eta Hiri Berdearen Akordioa aplika dezaten.  Europar Batasunak 6 milioi euro inguruko laguntza emanen du, guztira ia 10 milioi euroko aurrekontua duen proiekturako.