Europako Kontseiluak eta Europako Parlamentuak behin-behineko akordioa lortu dute aste honetan, lehengai kritikoen etorkizuneko legeari buruz. Lege horren helburua da EBn lehengai kritikoen hornidura segurua eta jasangarria indartzea, funtsezkoak baitira trantsizio ekologiko eta digitalerako. Orain, bi erakunde horiek erabakia babestu eta formalki onartu behar dute, lege bilaka dadin.
Ibilgailu elektrikoek eta eguzki-panelek, besteak beste, oinarrizko lehengaiak dituzte. Oraingoz, Europar Batasuna zenbait lehengairen horniduraren mende dago. Lehengai kritikoak funtsezkoak dira EBren trantsizio ekologiko eta digitalerako, eta horien hornidura segurtatzea ezinbestekoa da erresilientzia ekonomikorako, lidergo teknologikorako eta EBren autonomia estrategikorako. Energia berriztagarrietara eta ekonomien eta gizarteen digitalizaziora egindako aldaketa globaren ondorioz, lehengai estrategiko horien eskaria azkar handituko da datozen hamarkadetan.
Aste honetan Europako Kontseiluak eta Europako Parlamentuak lortutako akordio politikoak Europako Batzordearen erregelamendu-proposamen jatorrizkoak zituen helburuak mantentzen ditu, baina zenbait elementu indartuta. Aluminioa material estrategiko eta kritikoen zerrendan sartu du, birziklatzearen erreferentzia-puntua indartu du, proiektu estrategikoetarako baimenak lortzeko prozedura argitu du, eta enpresa garrantzitsuei eskatu die arriskuen ebaluazio bat egiteko lehengai estrategikoen hornidura katean.