Europako Batzordeak informazio-eskaera formal bana bidali die gaur Meta eta Snap-i, Zerbitzu Digitalen Legearen (DSA) arabera. Batzordeak enpresei eskatu die informazio gehiago eman dezatela adingabeak DSAren arabera babesteko hartu dituzten neurriei buruz, barne hartuz arrisku-ebaluazioak eta adingabeak linean babesteko neurri aringarriak, bereziki osasun mentalerako eta osasun fisikorako arriskuei dagokienez, eta adingabeek zerbitzuak erabiltzeari dagokionez.
Meta eta Snap-ek 2023ko abenduaren 1a baino lehen eman behar diote Batzordeari eskatutako informazioa. Erantzunen ebaluazioan oinarrituta, Batzordeak hurrengo urratsak ebaluatuko ditu. Horrek ekar lezake prozedura bat formalki hastea, DSAren 66. artikuluaren arabera.
DSAren 74. artikuluaren 2. paragrafoaren arabera, Batzordeak isunak jar ditzake informazio-eskaera bati emandako informazioa okerra, osatugabea edo engainagarria bada. Erantzunik ez badago, Batzordeak erabaki dezake informazioa eskatzea, erabaki bidez. Kasu horretan, ezarritako epean erantzunik ematen ez bada, hertsapen-isunak ezartzen ahalko dira.
Meta eta Snapchat plataformek, lineako plataforma oso handi izendatuak izan baitira, DSAk sartutako xedapen guztiak bete behar dituzte, horien artean, legez kontrako edukiak eta eduki kaltegarriak hedatzearekin lotutako arriskuak ebaluatzea eta arintzea, eta baita oinarrizko eskubideak gauzatzeko orduan izan daitekeen zeinahi ondorio negatibo ere, barne hartuz haurren eskubideak eta adingabeen babesa ere. Metak, 2023ko urriaren 19an jaso zuen jada informazio-eskaera bat eduki terroristak eta bortitzak hedatzeari, gorrotora bultzatzeari eta ustezko desinformazioa zabaltzeari dagokionez.