Ekimen publiko pribatu horrek jada 100 enpresa baino gehiago ditu atxikita, eta doako diagnostiko-zerbitzu bat eskaintzen du, negozio-aukera berriak hautematen laguntzeko.

Mikel Irujok, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak, gaur goizean parte hartu du Navarra Zirkularrek antolatutako lehen foroan. Ekitaldi horretan 100 pertsona baino gehiago bildu dira, eta kontseilariak ekonomia zirkularrak Nafarroako industriari eta enpresei dakarzkien aukerak nabarmendu ditu. Aukera horiek hautemateko, Navarra Zirkularrak diagnostiko-zerbitzu bat eskaintzen du eta diagnostiko horren bidez zehazten da zer aukera eta negozio-bide berri dauden enpresentzat ekonomia zirkularrean.

Navarra Zirkularra ekimen publiko-pribatua da, honako hauek bultzatua: Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentua; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua; Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentua; Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua; SODENA eta GAN-NIK enpresa publikoak, eta Laseme, Lizarrako merindadeko enpresen elkartea.

Bere jardueren artean ekonomia zirkularra sustatzea dago, eta horretarako sortu dira Foro Zirkularrak. Ekitaldi-programa horren helburua da enpresek eta erakundeek ekonomia zirkularrarekin lotutako legeria eta aukerak ezagutzea. Hurrengo ekitaldia azaroaren 21ean eginen da, eta izenburu hau izanen du: “Ekodiseinua: enpresen zirkulartasuna hobetzeko gakoa”. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Zirkularreko Transferentzia eta Berrikuntzako Katedrak ere parte hartu du horren antolaketan. Parte hartzea dohainik da, baina aldez aurretik izena eman behar da harremanetarako inprimaki honetan.

Gainera, datorren ostiralean, azaroak 17, 09: 00etan ekodiseinuari buruzko web mintegi bat eginen da. Parte hartzea dohainik da, baina aldez aurretik izena eman behar da harremanetarako inprimaki honetan.

Informazio gehiago