Plataforma hori Europako Batzordearen Hiri eta Eskualde Zirkularren Ekimenean (CCRI) ere aurkeztu da
Nafarroako Gobernuko Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiak, Uxue Itoizek, Navarra Zirkular ekimena aurkeztu du Ecomondon, Europako ekonomia zirkularreko azokarik handienean, zeina egun hauetan egiten ari baita Italiako Remini hirian. Gainera, Sodenako eskualdeko estrategia-arloko zuzendari Luis Goñik ekimenaren berri eman du Europako Batzordeak ekonomia zirkularrerako dituen foroetako bitan.
Navarra Zirkular ekimen publiko-pribatu bat da, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak bultzatua. Urtebeteko ibilbidea bete berri du, eta jada ehunen bat enpresa atxiki ditu.
Europako sare eta ekitaldietan parte hartzea “Nafarroa Europan” izeneko 2021-2024 aldirako Kanpo Ekintzako Planaren 1. ardatzean aurreikusitako ekintza bat da, eta haren helburu nagusia da Nafarroak Europan duen posizionamendua hobetzea, eta proiektatzea lehentasunezko kide gisa beste eskualde batzuentzat eta, lurralde gisa, testatzeko eta proiektu pilotu berritzaileak garatzeko toki bihurtzea, bere dimentsioagatik eta ekosistema publikoaren, sozioekonomikoaren eta berrikuntzakoaren kalitateagatik.