Bero ponpak Europar Batasunean – 2023ko egoerari buruzko txostena, garapen teknologikoari, joerei, balio kateei eta merkatuei buruz izeneko txostena Energia Garbiaren Teknologien Behatokiaren emaitza da. Europako Batzordeko Ikergune Komuna ezartzen ari da behatoki hori.

Ia 20 milioi bero ponpa daude instalatuta Europan, eta horien hedapena erritmo onean doa; izan ere, 2022an 3 milioi unitate saldu ziren.

Hala ere, txostenaren arabera, oztopo batzuk daude, epe laburrera hazkunde tasa geldiaraz dezaketenak, hala nola instalatzaileen eskasia, metalen prezioen aldakortasuna eta osagaien horniduraren etenak (osagai horien artean daude erdieroaleak edo iman iraunkorrak).

EBn bero ponpen fabrikazioa ongi kokatuta dago eskariaren hazkundearen zati handi bat erakartzeko, eta onura ateratzen ahalko lieke erregulazio joerei eta ingurumen inpaktua murriztera bideratzen den merkatuari.

Hala ere, txostenak adierazi du merkataritza defizita nabarmen bikoiztu zela 2022an, 856 milioira iritsi arte, 2021arekin alderatuta, bost urte lehenago 186 milioi euroko superabita izan ondoren. Dena den, hedapen azkar batek EBn bero ponpa eta osagai gehiago fabrikatzea ekarriko du. Gutxienez 5.000 milioi euroko inbertsio handiak egiten ari dira jada 2020tik 2030era bitartean.

Bero ponpen teknologiak berritzen jarraitu behar du, bereziki efizientzia hobetzeko eta hasierako kostuak murrizteko. Txostenak nabarmendu du EB aitzindari teknologikoa dela, batez ere bero ponpa hidronikoetan eta bero ponpa handietan. Hori patenteen arloko joeretan, argitalpen zientifikoetan eta I+G+b arloko finantzaketa publikoan islatzen da.