Europako Automobilgintzako Eskualdeen Aliantzak 27 eskualde bildu ditu, urteko topaketaren bigarren edizioan (Iruña)

María Chivite Navascués Nafarroako lehendakaria buru aritu da Europako Automobilgintzako Eskualdeen Aliantzaren urteko 2. biltzarrean. Biltzar horretan Europako 27 eskualde eta hiritako ordezkariak bildu dira, enpresa pribatuekin eta sektoreko beste eragile batzuekin batera, sektorearen erronka nagusiei buruz eztabaidatzeko.

Goi mailako topaketa hori Nafarroa Arena pabiloian egin da, EBko Kontseiluaren Espainiaren presidentetzaren ekitaldien egutegiaren barruan. Bertan Europako zazpi estatutako eskualdeek eta hiriek parte hartu dute, bai eta Europako Batzordeko eta Eskualdeetako Komiteko kideek ere. Zehazki, parte hartzen duten lurraldeen artean, honako hauek daude: Espainiako sei (Aragoi, Katalunia, Galizia, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Valentzia), Alemaniako bost (Baden-Württemberg, Bavaria, Saxonia, Saarbrücken hiria eta Turingia), Austriako bat (Estiria), Txekiako bat (Moravia–Silesia), Eslovakiako hiru (Bratislava, Košice eta Trnava), Frantziako bat (Ekialde Handia), Italiako zortzi (Abruzzo, Basilicata, Emilia-Romagna, Lombardia, Molise, Piemonte, Toscana eta Umbria), Poloniako bat (Bialystoc hiria) eta Errumaniako bat (Cluj-Napoca hiria).

Biltzarraren hasieran, Thomas Schimdt Saxoniako estatu federaleko Eskualde Garapeneko ministro eta gaur egunera arte aliantzako presidentea izan denak hitzaldia eman du. Urte honetan aliantzak egindako lana azaltzeaz gain, logo berria aurkeztu du. Jarraian, Nafarroaren esku utzi du presidentetza: hark izanen du aliantzaren ardura urtebeteko epean, hurrengo biltzarra egin arte.

Informazio gehiago