Bileran, halaber, aipatu da hilabete honetan Iruñean eginen den EBko Berdintasuneko hurrengo goi bilera txikia

Félix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak eta Marian Popescu Errumaniaren Bilboko kontsul nagusiak topaketa bat izan dute, Nafarroa eta Errumaniaren arteko harremanak indartzeko. José Andrés Palacios Nafarroako Merkataritza Ganberako zuzendari nagusia ere izan da bileran, berak antolatu baitu Errumaniaren ordezkariak Foru Komunitatera egindako bisita.

Bilera instituzionala izan da, eta bertan aipatu da Europako berdintasun ministroek eginen duten hurrengo goi bilera txikia; azaroaren 23an eta 24an izanen da, Iruñeko Baluarte auditoriumean, eta Errumaniaren ordezkaritza batek eta herrialdeko ministro batek hartuko dute parte. Gogoan izan behar da bilera hori Europar Batasuneko (EB) Kontseiluaren Espainiaren presidentetza aldian eginen dela, eta, berdintasunaren eremuan, seihileko honetan Europa Feminista baten alde lan eginen dela eta emakumeen aurkako indarkeria mota guztien aurkako borrokan aurrera eginen dela.

Era berean, Nafarroako Jauregian egindako topaketarekin batera, Popescuk Errumaniaren Espainiako iparralderako kontsul orokorra izateari utzi dio, beste herrialde batera bidaliko baitute.

Nabarmentzekoa da Errumaniaren Bilboko Kontsulatu Nagusiaren jurisdikzioak bere lan eremuaren barnean dituela Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Asturias, Kantabria, Galizia eta Burgos.

Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, Nafarroan 7.730 errumaniar daude.