Urriaren 23an, astelehena, Nicolas Schmit, Enpleguko eta Eskubide Sozialetako komisarioak Lanbide Heziketaren 2023ko Europako Astearen inaugurazioan hartu du parte Sevillan (Espainia). EBko Kontseiluaren Espainiaren presidentetzak saio bat antolatu du lanbide heziketako tituluak elkarri automatikoki aitortzeari buruz, eta komisarioa saio horren hasieran aritu da. Ekitaldian erakunde askoren ordezkariak bildu dira: Batzordearenak, Espainiako Gobernuarenak, solaskide sozialenak, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearenak (ELGA) eta Lanaren Nazioarteko Erakundearenak. Horietaz gain, lanbide hezkuntzan eta prestakuntzan (LHP) interesa duten beste batzuk ere bertaratu dira.

Lanbide Heziketaren Europako Astean, LHPn aritzen diren entitate bazkideek hainbat ekitaldi antolatu dituzte, bai Europa osoan, bai estatu, eskualde eta toki mailan. Helburua da LHPk erronka ekonomiko eta sozialei erantzuteko orduan duen funtsezko eginkizunari buruz sentsibilizatzea, bereziki trantsizio ekologiko eta digitalei laguntzeko. Aurtengo Lanbide Heziketaren Astea Gaitasunen Europako Urtearen barruan egin da, eta horrek aukera ematen du hauxe nabarmentzeko: LHPk ekarpen erabakigarria egiten du, kualifikaziorik eta eskulanik ezari aurre egiteko behar diren trebetasunak eta gaitasunak garatzeko.

Lanbide Heziketaren Astean, web mintegiak antolatu dira gai hauei buruz: LHPren hornitzaileen kalitatearen bermea, LHPren etorkizuna eta ikaskuntzarako Europako kredentzial digitalak. Halaber, hau sortu da: LHPren politiken campus birtuala, arduradun politikoentzat, hezitzaileentzat, industriako adituentzat eta LHPko profesionalentzat.

Kazetariek aukera izan dute posta elektronikoaren bidez izena emateko Schmit komisarioaren irekiera hitzaldia ikusteko.