Batzordeak proposamen deialdi berri bat argitaratu du, “Europa Sortzailea” programaren esparruan. Deialdi horrek “Kazetaritza elkarteak” du izena, eta guztira 11 milioi euro esleitzea ahalbidetuko du bi ekintza hauetarako: alde batetik, informazio hedabideen arteko mugaz gaindiko lankidetzaren finantzaketa, eta, bestetik, bizitza demokratikoari zuzenean laguntzen dioten komunikabideentzako dirulaguntzen programak sortzea.

Lehenengo ekintzak 6 milioi euro izanen ditu, eta komunikabideen arteko mugaz gaindiko lankidetza bultzatuko du, baldin eta komunikabide horiek asmoa badute negozio eredu berritzaileak elkarrekin garatu eta/edo kazetaritza proiektu bateratuak gauzatzeko. Finantzaketa komunikabideen esparruko erakunde aktiboek osatutako partzuergoei zuzenduta dago (hau da, irabazi asmorik gabeko hedabideak, publikoak zein pribatuak, komunikabideen elkarteak, GKEak, etab.), eta, besteak beste, hedabideen eraldaketa, kalitatezko informazioa eta hedabideetako profesionalen gaitasunen garapena sustatu nahi ditu.

Bigarren ekintzak 5 milioi euroko aurrekontua du, eta komunikabide garrantzitsuei lagundu nahi die eztabaida demokratikoari eta herritarren partaidetzari begira. Horren helburua izanen da finantzaketa programak (adibidez, funtsak) sortzea, tokiko edo eskualdeko komunikabideei, ikerketa kazetaritzari eta interes publikoko informazioan espezializatutako komunikabideei dirulaguntzak emateko. Beraz, deialdia zuzentzen zaie hedabideen eremuan zentzu zabalean lan egiten duten eta erakunde behartsuenei laguntzeko bitartekari gisa jardun dezaketen erakundeei (komunikabideen elkarteak, GKEak, gizarte zibila, ikerketa zentroak, unibertsitateak, etab.).

Hautagaitzak aurkezteko azken eguna 2024ko otsailaren 14a da, eta proiektuak 2024aren amaieran hasi beharko dira. Hedabide eskatzaileek ekintzetako bat edo biak aukeratzen ahalko dituzte. Hautatuek argitaratzeko askatasun osoa izanen dute. Abenduaren 6an, informazio saio bat eginen da, eta hemen  kontsultatu daiteke EBk komunikabideen sektoreari ematen dion laguntzaren ikuspegi orokorra.

Informazio gehiago