Europako Batzordeak Energia Batasunaren 2023ko egoerari buruzko txostenean aztertu du zer erantzun eman dion Europako Batasunak azken bi urteetako aurrekaririk gabeko krisi energetikoari. Halaber, ebaluatu du trantsizio berdea zein egoeratan dagoen estatuetan, Europan eta mundu mailan. Azkenik, 2030erako eta 2050erako helburu klimatiko eta energetikoak lortzeko bidean Europari datozkion erronkak eta aukerak ezarri ditu.
Txostenak erakusten du nola arindu zuen EBk energia merkatuen, prezioen eta kontsumitzaileen gaineko presioa REPowerEU planarekin, Europako Itun Berdearen legediaren bidez, bai eta energia berriztagarrien hedapena areagotuz eta energia-efizientzia hobetuz ere.
2023-2024ko neguari begira, EB prestatuago dago segurtasun energetikoa bermatzeko, ongi koordinatutako hainbat ekintzei esker: gas biltegiak betetzea, energia inportatzeko ibilbide eta azpiegiturak dibertsifikatzea, energia berriztagarrietan eta energia-efizientzian inbertsioak egitea, eta energia-eskaria murrizteko ahalegin kolektiboak egitea.
Energia Batasunaren egoerari buruzko txostenak nabarmentzen du garrantzitsua dela EBren industriaren lehiakortasuna eta lidergoa bultzatzea energia-testuinguru global berri honetan, eta garrantzitsua dela, orobat, bukatzea merkatu elektrikoaren diseinuari buruzko legedia, Industria Net-Zero Legea eta Lehengai Kritikoen Legea, bereziki. Proposamen horiek “Fit for 55” legedia osatuko dute, eta energia iturri garbiak, sareak eta merkatu egonkorrak sustatuko dituzte Europa guztian.