José Manuel Miñones Espainiako Gobernuko jarduneko Osasun ministroa, Fernando Domínguez Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilaria eta Valentín Carrasco Gobernuaren Nafarroako jarduneko ordezkaria Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan (NOU) izan dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren (O-NOZ) berrikuntza teknologikorako planaren barruan INVEAT funtsei esker instalatutako ekipoetako bi ikusteko: positroien emisioko tomografo berria (PET), Nafarroako osasun publikoak duen mota horretako lehen ekipoa, eta SPECT gammakamera berria. Biak Medikuntza Nuklearreko zerbitzuan daude, B pabiloiko -1 solairuan.

Bi ekipo horiek Europar Batasunak finantzatu ditu, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (Next Generation EU) bidez, zeina C18.I1 inbertsioaren finantza tresna baita. C18.I1 inbertsioa: “Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Osasun Sistema Nazionalaren goi teknologiako ekipoetan inbertitzeko plana”. Bi ekipoak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren berrikuntza teknologikorako plan baten zati dira, eta berrikuntza hori finantzatu da Europako funtsekin eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren funts propioekin. Planaren helburua da Nafarroako osasun sistema publikoko ospitaleak eskuragarri dagoen teknologiarik aurreratuenaz hornitzea, herritarren osasunaren mesedetan. Horrela, azken belaunaldiko hogei bat ekipo instalatu dira, zaharrak ordezteko. Hamabost zerbitzuk lan egiten dute horiekin, batez ere NOUkoek, baina Lizarrako García Orcoyen ospitalekoek eta Tuterako Reina Sofia Ospitalekoek ere bai. Inbertsioa, guztira, 35 milioi eurokoa izan da; horietatik, teknologiak 28 eta 30 milioi artean hartzen ditu, eta beste 6 milioiak espazioak egokitzeko obrak egiteko erabili dira.

Gehiago irakurri