Europako Batzordeak arriskuak kudeatzeko eta prospektiba estrategikorako tresna gehiago argitaratu ditu, Europar Batasunak lehorteei eta ur-eskasiari aurre egiteko duen gaitasuna hobetzeko. Bi tresna horiek, «lehortearen inpaktuari buruzko Europako datu-basea» (aurrerago jarriko da jendearen eskura) eta «Lehorte Arriskuaren Europako Atlasa», Europak uraren aldeko ekintzak suspertzeko bultzatzen duen estrategiaren parte dira, eta Copernicus Lehortearen Europako Behatokian integratuko dira. Biek ala biek lehorteek eta ur-eskasiak eragindako arriskuei aurrea hartzen eta halako egoerak kudeatzen lagunduko diete agintariei, Europa osoan, estatu kideetan eta tokian-tokian.
Oro har, nabarmen areagotuko da lehorteak izateko arriskua, Lehorte Arriskuaren Europako Atlasak datozen hamarkadetarako jasotzen dituen aurreikuspenen arabera. Lehorteek eskualde guztietan eragin bera izanen ez badute ere, aurreikuspen horiek iradokitzen dute Europar Batasun osoan nabarituko dela haien inpaktua.
Klima-aldaketak prezipitazioen maiztasunari eta intentsitateari eragiten dienez, ur-eskasia dezente larriagoa izaten ahal da Europako zenbait eskualdetan. Eta, lehorte-arriskua areagotzearen ondorioz, nabarmen egiten ahal du behera labore jakin batzuen errendimenduak.
Proiekzioek erakusten dute, orobat, ur-hornidura publikoak kalteak izaten ahal dituela Europako eskualde batzuetan —baita edateko urarenak ere—. Energiaren sektorean, berriz, ibaien ur-mailak murrizteak eta ibaiotako ura berotzeak zaildu eginen du zentral nuklearrak hozteko prozesua. Horretaz gainera, lehorteak inpaktu nabarmena izanen du energia hidroelektrikoaren produkzioan Europako zenbait tokitan. Barne-nabigazioaren gaineko presioak handia izaten jarraituko du, eta eskualde batzuetan areagotu ere eginen da.
Ur-eskasiak eta lehorteek ere inpaktu negatibo handia izanen dute naturan. Proiekzioek iradokitzen dutenez, kalte garbia ekarriko du horrek uretako eta lurreko ekosistemen osasunerako.
Informazio gehiago eskuratzeko, sakatu hemen.