Europako Batzordeak Cordis zerbitzuaren informazio-pakete berri bat argitaratu du, Clean energy transition to REPower the EU izenarekin (Energia garbiaren trantsizioa Europar Batasuna berrindartzeko).
Argitalpen horrek nabarmentzen duenez, orpoz orpo ari dira lanean Europar Batasunak finantzatutako eta Europako Klima, Azpiegitura eta Ingurumen Agentzia Exekutiboak (CINEA) kudeatutako 33 proiektu. Guztiek ere helburu berbera dute: energia garbiranzko trantsizioan aurrera egitea Europan. Proiektu horien lan-ildoen artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, industria deskarbonizatzea, energia berriztagarria ekoizteko moduak berritzea edo eraikinak birgaitzea.
Europako Batzordeko Ikerketa eta Garapenari buruzko Informazio Zerbitzu Komunitarioak (Cordis) argitaratzen ditu Synergy informazio-pakete horiek, eta EBko zenbait finantzaketa-programaren esparruan finantzatutako proiektuen arteko sinergiak nabarmentzen dituzte.