Bost kategorietako irabazleak zeintzuk diren azaroaren 15ean jakinen da, Iruñeko Planetarioan eginen den gala batean.
Nafarroako Berrikuntza Digitalaren Guneak (IRIS) –Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren bidez– Digitalizaziorako IRIS sarien deialdia egin du, Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioaren laguntzarekin. Sari horien bidez, Nafarroako digitalizazioaren arloko ekimen eta proiektu onenak nabarmendu nahi dira.
Nafarroako Berrikuntza Digitalaren Guneak (IRIS) eskualdeko ezagutza guztia biltzen du eta enpresei lagun egiten die eraldaketa digitaleko prozesuetan. IRISek ETE-ei, mikroETE-ei eta langile autonomoei erreparatzen die bereziki; orobat, zentro teknologikoei, unibertsitateei eta erakunde publikoei. Horregatik, Gunea funtsezko tresna bat da Nafarroako enpresa-sarea digitalizatzeko prozesuan, enpresen eraldaketa teknologikoa bizkortzen baitu. Gainera, Europako Batzordeak IRIS nabarmendu du, EDIH edo European Digital Innovation Hub-en lehen sarean sartu baitu.
Aurreko ostiralean (urriak 20) sarien lehen edizio honetarako hautagaitzak aurkezteko epea bukatu zen. Deialdiak harrera ona izan du, 61 hautagaitza aurkeztu baitira. Hautagaitza horiek honela banatu dira, ezarritako bost kategorien arabera: enpresa digitalizatua, 21 hautagaitza; lankidetzako proiektua, 14; merkataritza digitalizatua, 9; erakunde publikoa, 7; eta hirugarren sektorearen digitalizazioa, 10 hautagaitza.
Iruñeko Planetarioan gala bat eginen da sariak emateko, azaroaren 15ean, 12:00etan. Orduan jakinen da zeintzuk diren irabazleak. Gero, 13:30ean, networkingeko gune bat irekiko da, eta bazkaria eskainiko zaie bertaratutako guztiei.