Hiru eskualdeetako sektore biosanitarioko ikertzaileak eta enpresa berritzaileak Nafarroako Medikuen Elkargoan bilduko dira urriaren 16an eta 17an.
Medikuen Elkargo Ofizialak Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Bioosasun Topaketen 8. edizioa eginen du datorren urriaren 16an eta 17an. Topaketa horietan, lehen aldiz emanen zaie Bioosasunaren Euroeskualdeko Saria enpresa txiki eta ertain berritzaileei. Bi jardunaldi horietan, enpresa-, ikerketa- eta osasun-munduko zenbait ordezkarik industria-sektore horretako berrikuntzarekin zerikusia duten auziei buruz eztabaidatuko dute. Izan ere, Foru Komunitateak erreferentzia izan nahi du sektore horretan S-4 estrategian zehazturikoari jarraituz, eta, ildo horretan, beharrezkoak dira nazioarteko ikuspegia eta lankidetza. Horren erakusgarri da, hain zuzen, ekimena euroeskualdeak abiarazia izatea, zeinaren presidentetza Nafarroak hartuko baitu datorren urtean. Aurretik, halere, beste zenbait ekitaldi izanen dira.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak eta Navarra Health Klusterrak indarrak batu dituzte, Iruñea industriaren eta osasunaren arloko sektore garrantzitsu horren topagune izan dadin bi egunotan. Mikel Irujo kontseilariak hasiko du saioa asteartean (hilak 17, 09:30ean) eta amaitu, berriz, Ana Ollo bigarren lehendakariordeak amaituko du, 16:00etan.
Topaketak enpresei, ekintzaileei, inbertitzaileei, ikertzaileei eta, azken buruan, Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako osasun-industriaren berrikuntzako eragile guztiei daude zuzenduta. Haien helburua da «sektorea bultzatzea, baita sektoreko agenteen lankidetza sustatzea ere euroeskualde osoan».