Ekitaldian, Nafarroak, Kataluniak, Valentziak eta Andaluziak egindako lan bat erakutsiko da

Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiak parte hartuko du urriaren 18tik 21era Sevillan eginen den Tourism Innovations Summit (Berrikuntza Turistikoaren Munduko Goi Bilera), jasangarritasun turistikoa neurtzeko adierazleei buruzko proiektu batean izandako esperientzia aurkezteko. Proiektu horretan, Nafarroak, Kataluniak, Valentziak eta Andaluziak hartu dute parte.

Alde batetik, Ana Rivas Turismoko zuzendari nagusiak parte hartuko du bileran, adierazleak ezartzeko fasea prestatzeko. Horretarako, in situ egiaztatuko da adierazleak neurgarriak direla, eta Nafarroa eta gainerako eskualdeak jasangarriak diren ala ez aztertzeko balioko dutela.

Bestetik, eztabaida mahai batean, Patxi Sáenz Turismoko Produktuen eta Lurralde Jasangarritasunaren Ataleko buruak azalduko du zer lan egin den  turismo jasangarritasuna neurtzeko eta gainbegiratzeko adierazle horien eskuliburu bat prestatzeko. Halaber, adieraziko du zertarako balioko duen eta zer ekarriko duen berekin proiektuan parte hartu duten eskualdeetan (Katalunian, Valentzian, Andaluzian eta Nafarroan) adierazle horiek inplementatzeko proba pilotuak.

Lan hori Europar Batasunaren finantzaketarekin egin da, Laguntza Teknikoko Tresnaren bitartez, eta Europako Batzordeko Egiturazko Erreformari Laguntzeko Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, proiektu honen esparruan: “Espainiako ekosistema turistikoari laguntzea: turismo jasangarriago, iraunkorrago eta digitalago baterantz”.

Gehiago irakurri