Bread Free eta Hemotic ETEek “Euroeskualdeko bio-osasuna 2023” saria jaso dute, Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa euroeskualdeko “Bio-osasunaren Topaketak” izenekoen 8. edizioaren barruan. Ekitaldia Iruñean egin da.
Iruñean izan da, astelehenean eta asteartean, Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa euroeskualdeko “Bio-osasunaren Topaketak” izenekoen 8. edizioa. Bertan, enpresa, ikerkuntza eta osasun arloetako ordezkariek industria sektore horretako berrikuntzarekin zerikusia duten hainbat alderdi landu dituzte Medikuen Elkargoan. Foru Komunitateak erreferente izan nahi du industria sektorean, S-4 estrategiaren arabera. Euroeskualdeak lehen aldiz bultzatu ditu sari horiek, berrikuntzaren eta mugaz gaindiko lankidetzaren alde egiten duten enpresa txiki eta ertainak saritzeko asmoz. Jardunaldi horien esparruan, Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak sariak banatu ditu, eta irabazleak Bread Free eta Hemotic izan dira, “Biofarma eta Osasun Teknologiak” kategoria bikoitzean.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak eta ‘Navarra Health Cluster’ delakoak energiak batu dituzte, bi egun horietan Iruña industria arloko eta arlo soziosanitarioko sektore garrantzitsu horren topagune bihurtzeko. Jardunaldien hasiera Mikel Irujo kontseilariaren ardurapean egon da –Mathieu Bergé (Akitania Berria) eta Estibalitz Hernaez (Eusko Jaurlaritza) aritu dira berarekin batera–, eta Ana Ollo lehendakariordeak amaitu ditu, sariak banatuta.
Bere hitzaldian Ollo lehendakariordeak nabarmendu duenez, mugaz gaindiko lankidetza Nafarroako Gobernuaren Kanpoko Ekintza Planaren ardatz nagusietako bat da, eta Gobernuak argi eta garbi egiten du “Nafarroak Europan duen presentziaren eta Europak Nafarroan duen presentziaren” alde. “Hiru lurraldeek, hau da, Nafarroak, Euskadik eta Akitania Berriak, hurbiltasun geografikoa, kulturala eta historikoa partekatzen dute, eta hurbiltasun horrek truke eta lankidetza emankorrak eragin ditu urteetan zehar hainbat eremutan” adierazi du. Eta, alde horretatik, “sektore biosanitarioa euroeskualdeko lankidetza horren zutabeetako bat da. Euroeskualdearen barruan elkarrekin lan egitean –jarraitu du–, gaitasunak partekatzeaz gain, indarrak batu ditzakegu, erronka komunei aurre egiteko”.