Automobilgintza eta mekatronikaren, fabrikazio aurreratuaren, osasunaren, energiaren eta adimen artifizialaren arloetako proiektuak garatuko dituzte, WIT programaren esparruan
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak sustatutako WIT Nazioarteko Doktorego Programak berriki hautatu ditu bigarren deialdian parte hartuko duten doktoratu aurreko zortzi ikertzaileak; ehun bat eskaera aurkeztu ziren, guztira. Deialdiak milioi bat euro du. Ikertzaile horietako lau Pakistandik datoz, bat Kolonbiatik, bat Irandik, bat Italiatik eta bestea Marokotik, eta denek zenbait ikerketa proiektutan hartuko dute parte, Nafarroa garatzeko funtsezkoak diren arloetan, hala nola automobilgintzan eta mekatronikan, fabrikazio aurreratuan, osasunean, energian eta adimen artifizialean.
WIT programaren edizio berri horren helburua da Nafarroako unibertsitate batean doktoregoa egiteko aukera ematea, hiru urtez abangoardiako ikerketak eginez. Departamentuaren iritziz, ekimen horrek “Foru Komunitatea ikerketarako nazioarteko talentuaren agertokian posizionatzeaz gain, loturak ezarriko ditu unibertsitate sistemaren eta erakunde zientifiko ospetsuen artean”.
Hautatutako zortziak 26 eta 30 urte bitartekoak dira, eta horietatik bostek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eginen dituzte ikerketak; gainerako hirurak, berriz, Nafarroako Unibertsitateari atxikita egonen dira.