Talde horretako kide izateko deialdia azaroaren 6ra arte egonen da zabalik.
Talde horren helburua da Europako Batzordeari laguntzea energia sistemaren eraldaketa digital jasangarriarekin lotutako gaietan, baita energia soluzio adimendunak garatzen eta hedatzen ere, trantsizio berde eta digital bikoitzaren helburuak bultzatzen dituztenak eta horiekin estrategikoki lerrokatuta daudenak.
Adituen talde formal horren sorrera eta haren printzipio gidariak energia sistema digitalizatzeko EBren Ekintza Planean jasota daude; plan hori 2022ko urrian argitaratu zen.
‘Energia adimendunean adituak diren pertsonen taldea’ren esparruan, Europako Batzordeak hiru azpitalde sortuko ditu. ‘Energiarako datuak’ (‘D4E’) lantaldearen zeregina da gomendioak ematea eta jardunbide egokienak trukatzea energiarekin lotutako datuak eskuratzeari, trukatzeari eta (berriz) erabiltzeari buruz.
‘Kontsumitzaileen ahalduntzea eta babesa’ lantaldearen helburua da kontsumitzaileen parte-hartzea eta ahalduntzea indartzea.
Amaitzeko, ‘Zibersegurtasuna’ri buruzko lantaldeak energia sistemetarako zibersegurtasunari buruzko gomendioak eta orientabideak emanen dizkio Europako Batzordeari, eta, horren barruan, esparru horretako legegintza ekimen berrien ondorioak ebaluatuko ditu, eta lotutako erronkei aurre egiteko modurik onena aztertuko du.