Ollo lehendakariordea “Landscapes of Devastation” proiektuaren Espainiako, Alemaniako, Ukrainako eta Greziako ordezkariekin bildu da, aste honetan nazioarteko topaketa bat egin baitute Nafarroan

Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, “Landscapes of Devastation” (Suntsipenaren paisaiak) proiektuaren antolatzaileekin bildu da. Proiektu horren buru LaJoven antzerki fundazioa da, Berlingo (Alemania) Schaubühne fundazioarekin eta Tesalonikako (Grezia) Antzoki Nazionalarekin batera. Proiektu hori EVZ fundazioak (Alemania) finantzatu du, eta gerrak Europako zenbait herritan (Gernika, besteak beste) izan dituen ondorioak aztertu ditu ikerketa artistikoaren bidez. Nafarroako Memoriaren Institutua aspalditik ari da lankidetzan LaJoven konpainiarekin, “Memoria duten Eskolak” programaren esparruan. Izan ere, ikerketa tailerretan oinarritutako proiektuaren lehen fasea aste honetan amaitu da Donezteben, lau herrialde horietako ordezkarien parte-hartzea izan duen nazioarteko topaketa batekin.

Espainiako, Alemaniako, Ukrainako eta Greziako artistek proiektu honetan parte hartu dute biktimekin, senideekin, gazteekin eta irakasleekin batera, eta hainbat tailer egin dituzte aurtengo maiatzean, ekainean eta uztailean, gerrak suntsitutako edo kaltetutako hirietan, hala nola Gernikan, Berlinen, Gijonen, Tesalonikan edo Kyiven. Ikaskuntza historiko emozionala, artistikoa eta parte-hartzailea proiektuaren fase guztien erdigunean dago. Proiektuak fase sortzaileak ditu (tailerrak, testuen itzulpena, laguntza pedagogikoa, entseguak…), eta aurtengo abenduan amaituko da, aurretiko lan kolektibo horretatik sortzen diren obren antzezpenarekin.

Gehiago irakurri