Hamarkada digitalaren egoerari buruzko lehen txostenak EBk eraldaketa digitala lortzeko egindako aurrerapenen azterketa zehatza eskaintzen du, EB subiranoagoa, erresilienteagoa eta lehiakorragoa izan dadin ikuspuntu digitaletik.
EBk 2030erako Europako helburuak eta jomugak lortzeko egindako aurrerapenen ebaluazioa barne hartzen du, lau zutabe nagusitan zentratuta: gaitasun digitalak, azpiegitura digitala, enpresen digitalizazioa –adimen artifizialaren erabilera barne–, eta zerbitzu publikoen digitalizazioa. Eskubide eta Printzipio Digitalei buruzko Europako Adierazpenaren jarraipena ere barne hartzen du. Adierazpen horrek EBk pertsonak lehenetsiko dituen eraldaketa digital seguru eta jasangarriarekin duen konpromisoa jasotzen du.
2023ko txostenak, zeina urteko txosten sorta bateko lehenengoa baita, estatu kideei eskatzen die neurri kolektiboak har ditzatela inbertsioaren arloko egungo gabeziak konpontzeko, Europan eraldaketa digitala bizkortzeko eta Hamarkada Digitalaren Programa Estrategikoaren (HDPE) helburuak lortzeko ahaleginak areagotzeko. HDPE Europako Parlamentuak eta Kontseiluak onetsi zuten, eta 2023ko urtarrilaren 9an jarri zen indarrean, eta EBren eta agintari nazionalen arteko elkarlaneko gobernantzako sistema bat jasotzen du.
2023ko txosteneko gomendio horizontalek eta herrialdekako gomendio espezifikoek bide argia eta operatiboa eskaintzen dute. Gomendioak oinarri izanen dira, Batzordeak eta estatu kideek gure helburu komunak lortzeko moduari buruz eztabaidatzeko eta lankidetzan aritzeko. Lan hori egiteko, nazio anitzeko eskala handiko proiektuak gauzatuko dira, hala nola Europako Azpiegitura Digitalen Partzuergo sortu berriak (EDIC).