Batzordeak proposamenak aurkezteko deialdi berriak egin ditu gaur, “Europa digitala” programaren 2023-2024 aldirako lan programen esparruan, EB osoan gaitasun digitalak indartzeko. Deialdiak irekita daude EBko estatu kideetako, EFTA/EEEko herrialdeetako eta herrialde elkartuetako enpresentzat, administrazio publikoentzat eta beste erakunde batzuentzat.
Deialdi horien esparruan proiektuei esleitutako 12 milioi eurotik gorakoen helburua da datu guneak sortzen laguntzea, EBren datu estrategiaren oinarria baitira.
“Europa digitala” programaren deialdi horiek 8 milioi euroko dirulaguntzak emanen dituzte proiektuetarako, eta iragarri egin dira, Batzordeak datu turistikoen Europako esparru komuna osatzen duten elementuei buruz egin duen Komunikazioaren ondoren. Datu turistikoen Europako esparrua turismoaren trantsizio bidearen funtsezko elementua da, eta turismo ekosistema erresistenteagoa, digitalagoa eta jasangarriagoa izatea eraginendu. Datu guneak datu trukea sustatuko du turismo enpresen, helmugen eta agintari publikoen artean, eta horrek eragina izanen du produktibitatean, ekologizazioan eta jasangarritasunean, enpresa eredu berritzaileetan eta kualifikazioen hobekuntzan. Horrek turismo helmugei lagunduko die hobeki ulertzen zer bilatzen duten turistek eta beren eskaintzak horren arabera egokitzen, edo aurreikusten noiz etorriko diren turistak, eta aukera emanen die helmugetako eragileei plangintza egiteko.