Europako Batzordeak EBko justiziaren adierazleen taularen hamaikagarren edizioa argitaratu du. Urteko laburpen bateratua da, eta datu konparatiboak ematen ditu estatu kideetako sistema judizialen eraginkortasunari, kalitateari eta independentziari buruz.
Adierazleen aurtengo taulan hamasei gai berriri buruzko zifrak ageri dira; esate baterako, agintari nazionalek ustelkeriari aurre egiteko duten moduari buruzkoak, eroskeriarekin lotutako prozeduren iraupenari buruzkoak eta adinekoek, genero indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren biktimek eta, oro har, diskriminazio arriskuan dauden pertsonek justiziarako sarbidea berdintasunez izatea errazten duten xedapen espezifikoei buruzkoak. 2023ko edizioak, halaber, lehen aldiz jaso ditu epaileen eta fiskalen soldatei buruzko zifra espezifikoak, baita Auzitegi Goreneko presidente eta fiskal nagusien izendapenari eta konstituzio eskumenak egikaritzen dituzten instantzia gorenei buruzkoak ere, besteak beste.