Batzordeak txikizkako inbertsioari buruzko neurri sorta bat onetsi du, kontsumitzaileen interesei lehentasuna ematen diena arlo horretan. Txikizkako inbertitzaileak (hau da, inbertitzaile «kontsumitzaileak») gaitzea da kontua, inbertsioei dagokienez haien beharretara eta lehentasunetara egokitzen diren erabakiak har ditzaten, eta bidezko tratua eta behar bezalako babesa jasotzen dituztela bermatzea ere bai. Horrek haien konfiantza indartuko du etorkizunean modu seguruan inbertitzeko eta EBko Kapital Merkatuen Batasuna guztiz aprobetxatzeko orduan.
Batzordearen 2020ko Kapital Merkatuen Batasunerako Ekintza Planaren hiru helburu nagusietako bat zen EB are leku seguruagoa izatea herritarrek epe luzera inbertitzeko. Aurkeztutako neurri sortaren xedea da helburu hori lortzea eta EBko kapitalen merkatuetan parte hartzea sustatzea, tradizionalki beste eskualde batzuetan –adibidez, Estatu Batuetan– baino txikiagoa izan baita, nahiz eta europarrek aurrezki tasa oso handiak izan. Kapital Merkatuen Batasuna bultzatzea ere funtsezkoa da finantzaketa pribatua gure ekonomiarantz bideratzeko eta trantsizio ekologikoa eta digitala ordaintzeko.