18 urte dituzu eta legezko bizilekua duzu EBko estatu kideren batean edo Erasmus+ programari lotutako hirugarren herrialderen batean? Presta zaitez Europa ezagutzeko! DiscoverEU ekimena Erasmus+ programaren parte da eta harro dago.

Zer da DiscoverEU?

Erasmus+ programaren ekintza bat da, zeinak aukera ematen baitizu Europa ikaskuntza-esperientzien bidez ezagutzeko. Batez ere trenez mugituko zara (salbuespenak daude uharte edo urruneko lurraldetan bizi direnendako), eta Europako paisaia ikusgarriak eta herri eta hiri ugari ezagutuko dituzu. Urtero bi edizio daude eta bietara aurkezten ahalko zara. Hautatutako parte-hartzaileek bidaia-bonu bat eskuratzen dute.

Europar Batasunean, edo Erasmus+ programari lotutako hirugarren herrialde batean (hots, Islandian, Liechtensteinen, Iparraldeko Mazedonian, Norvegian, Serbian edo Turkian) bizi zarenez, DiscoverEUk aukera ematen dizu bidaia-esperientzia batez gozatu eta Europaren aniztasuna esploratzeko, haren kultura-ondarea eta historia ezagutzeko eta kontinente osoko jendearekin harremanetan jartzeko. Bestetik, DiscoverEUri esker, bizitzarako oso baliagarriak izanen zaizkizun trebetasunak garatzen ahalko dituzu, hala nola independentzia, konfiantza eta beste kultura batzuetara irekitzeko gaitasuna.

Hautatutako parte-hartzaileek Gazteen Europako DiscoverEU Txartela eskuratuko dute, eta horrek aukera emanen die mota askotako deskontuak lortzeko: kultura-bisitetan, ikaskuntza-jardueretan, kirol-jardueretan, tokiko garraioan, ostatuetan, janarian eta abarretan.

Noiz izanen da hurrengo edizioa?

DiscoverEUren lehen edizioa 2018ko ekainean antolatu zen eta orduz geroztik 200.000 gaztek baino gehiagok eskuratu dute bidaia-bonu bat. Hautagaitzak aurkezteko hurrengo txanda 2023ko martxoaren 15ean zabalduko da, asteazkena, 12:00etan (eguerdia, Bruselako ordua), eta 2023ko martxoaren 29ko bukatuko, asteazkena, 12:00etan (eguerdia, Bruselako ordua). «D egunetik» aitzina, orrialde honetan botoi bat aurkituko duzu zure hautagaitza aurkezteko.

Parte hartu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dituzu:

2004ko uztailaren 1etik 2005eko ekainaren 30era bitartean (biak barne) jaioa izan behar duzu,

eta online hautagaitza-inprimakia bete behar duzu nortasun agiri, pasaporte edo legezko bizilekuaren txartel baliodun baten zenbaki bat emanez.

Gehiago irakurri