Batzordeak gidabaimenei buruzko arauak eguneratzeko proposamenak aurkeztu ditu, hala nola EB osorako balioko duen gidabaimen digital bat egotea eta mugetan zeharreko trafiko-arauak errazago aplikatzeko xedapen berriak. Iaz, 20.000 lagun baino gehiago hil ziren EBko errepideetan, eta biktima gehienak oinezkoak, txirrindulariak eta patinete eta motozikleten erabiltzaileak izan ziren.
Arau berriek bide publikoetako erabiltzaile guztien segurtasuna hobetuko dute, eta EBri Zero Ikuspegia erdiesten lagunduko diote, hots, EBko errepideetan heriotzarik ez izatea 2050ean. Arauei esker, gidariak hobeki prestatuak egonen dira zero isuriko ibilgailuak erabiltzeko eta hiri barneko bideetan gidatzeko, bizikleta eta bi gurpileko beste ibilgailu gehiagoren artean, eta inguruan oinezko aunitz dituztela. Era berean, gidari gazteek eskarmentua eskuratu ahal izanen dute heldu batek lagunduta gidatuz, gazteek 17 urtetik aitzina izanen baitute aukera bai gidatzen ikasteko eta bai gidabaimena eskuratzeko. 17 urte betetzean aprobatzen dutenek 18 urte betetzen duten egunetik beretik gidatzen ahalko dute lagunduta joan gabe eta, orobat, gidari profesional gisa lan egiten ahalko dute horretan aritzeko lan bat aurkitu bezain laster. Neurri hori mesedegarria izanen da egungo gidari-eskasiari aurre egiteko.