Von der Leyen lehendakariak 2022ko Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian asmo hori iragarri eta hiru hilabetera, Europako Batzordeak eta Ukrainako Gobernuak 100 milioi euroko laguntza-sorta bat sinatu dute, Errusia Ukrainaren aurka egiten ari den eraso-gerra gogorrak kaltetutako ikastetxeak berreraikitzeko eta birgaitzeko. Laguntza EBko bazkide humanitarioen bitartez bideratuko da Ukrainara, eta laguntza horren zati bat Ukrainako Gobernuari aurrekontuan laguntzeko erabiliko da.
Europako Batzordeak 14 milioi euro inguru bideratu ditu (Poloniako “Bank Gospodarstwa Krajowego” garapen-bankuarekin duen kontratu batetik) eskola-autobusak erosteko, Ukrainako haurrak eskolara modu seguruan joan daitezen. Batzordeak, halaber, elkartasun-kanpaina bat jarri du abian EBn, Ukrainari eskola-autobusak emateko; Batasuneko Babes Zibileko Mekanismoaren bitartez bideratuko da kanpaina. Dagoeneko bidean dira EBtik eta estatu kideetatik bidalitako 240 autobus inguru, eta oraindik gehiago iritsiko dira.