Iruñeko Sagrado Corazón FESB ikastetxeak Europar Batasunaren Erasmus+ programan parte hartuko du mugikortasun proiektu honekin: KA -122 SCH “Komunikatzen gara, elkar ulertzen dugu. Elkarguneak bilatzen XXI. mendean”
Europar Batasuneko Erasmus+ proiektuak aukera emanen die DBHko 2. mailako 39 ikasleri (13-14 urte) astebeteko trukea egiteko Pessac-eko (Bordeletik hurbil) Alouette ikastetxearekin, ekainaren 9tik 15era; urrian, Iruñean hartuko ditugu Alouetteko ikasleak. Proiektuak komunikatzeko eta parte hartzeko moduak ditu helburu, eta ardatzetako bat du bi herrialdeetako tokiko erakundeetara eta erakunde autonomikoetara hurbiltzea. Horregatik, trukea prestatzeko jarduerak egiten ari gara, besteak beste, Iruñeko Udala eta Nafarroako Parlamentua bisitatzea.
Ekainaren 1ean (asteazkena) harrera eginen diete Iruñeko Udaletxean DBHko 2. mailako hiru taldeei, 09:30ean, 10:30ean eta 11:30ean, eta Nafarroako Parlamentuan, 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan.
Sofía Barat Hezkuntza Fundazioaren Iruñeko Sagrado Corazon ikastetxeko zuzendari nagusi Natalia Royok, adierazi duenez: “Tokiko eta autonomia erkidegoko erakundeetara hurbiltzen ari gara (Iruñeko eta Pessaceko udalak eta Nafarroako Parlamentua) eta eskualdeetako komunikabideetara (prentsa ikasgelan irakurtzea) elkar hobeki ezagutzeko, ongi informatuta egoteko eta parte hartze demokratikorako moduak aurkitzeko; horrela egiaztatuko dugu gauza anitzek batzen gaituztela, eta gehiago direla bereizten gaituztenak baino. Horrela, gure ikastetxearen nazioartekotze ibilbide luzeari segida ematen diogu, eta elkarrizketaren eta bakean eta askatasunean elkarrekin bizitzearen balioak sustatu nahi dugu. ”
Pessaceko Alouette ikastetxeari Iruñean harrera egitea ikasturte honetarako aurreikusita zegoen, baina urrira atzeratu behar izan zen, omikrona iritsi baitzen. Dena den, espero dugu haiekin jarduera gehiago egitea orduan.