Merezi du goiz jaikitzea. Maiatzaren 2an, astelehenez, goizeko sei eta erdietan hasita, nazioarteko mugigarritasuneko esperientzia batek ostiralera arte Frantziako Vals-les-Bains herrira eraman ditu DBHko 4. mailako hamar ikasle (Giza Zientzietakoak), bi irakaslerekin batera.
Erasmus+ 2021-KA-121- SCH-000012409 programako esperientzia horretan elkar ezagutu dute azken hilabeteetan elkarlanean aritutako ikasleek, eta bertatik ikusi dituzte erromatar kultura hobeki ulertzen laguntzen dieten tokiak, izan ere kultura hori lantzen aritu baitira ikasgelan etwinning plataformaren bitartez eta TwinSpaceko “Techniques, technology and science in classical antiquity” proiektuaren bitartez. Frantzia, Italia, Grezia eta Zipreko beste bost ikastetxerekin batera gauzatutako proiektua da.
Bi autobusek Biarrizko aireportura eraman dituzte, eta han Frantziako Lyon hirirako hegazkina hartu dute. Bertan 24 bat ordu izan dituzte hiri bikain horretako bazterrak ikusten gozatzeko. Rodano eta Saona ibai ederrak beren zubiekin, plaza dotoreak eta udaletxea, Lyon Zaharra eta katedrala, traboule pasabideak eta haien txoko xarmagarriak. Ororen gainetik, ordea, bidaiaren helburuetakoak izanik, Lugdunum museoa eta erromatar antzokiak. Horietan antzinako Erromako kulturari buruzko ezin konta ahala alderdi atzeman dituzte, eta milaka pertsona biltzen zituzten antzoki zaharraren eta odeoiaren hondarren artetik ibili dira.
Astearte arratsaldean Lyondik Vals-les-Bains herrira jo dute, bertan bizi baitira ikaskide frantziarrak. Ardecheko eskualdean dagoen herri txiki bat da. Trenez bidaia gero eta urduriago egin ondoren, lagunak ezagutu eta haien familiekin lehenengo gaua pasatzeko unea iritsi da. Lotsati eta nekatuta, laster joan dira lotara. Asteazkenean, ikasle frantsesek eta espainiarrek beren irakasleekin txangoa egin dute Pont du Gard ikusteko, erromatar akueduktu txundigarria, ongien kontserbatuenetakoa. Nimes hirira ere joan dira eta han ikusi dituzte Dianaren tenplua, Castellum izenekoa (handik iristen zen hirira Pont du Gardeko ura), Maison Carrée tenplua eta anfiteatro ospetsua. Denek gozatu dute toki berezi horiek bisitatzen eta lehenbiziko eguna elkarrekin pasatzen.
Itzulitakoan, bakoitza bere harrera-familiarengana doa, orain bai, elkar hobeki ezagutzeko. Lanari ekiteko unea iritsi da eta, ostegun goizean, gure ikastetxea eta bizi garen eskualdea aurkeztu dizkiegu gaztelania ikasten ari diren bertako ikasleei. Ondoren, lagun frantziarrekin besoz beso aritu dira lanean, azken hilabeteetan modu birtualean elkarrekin landu duten proiektuan. Elkarrekin egin dute eskola jardunaldia, eskolako jantokian bazkaldu dute eta, arratsaldean, gymkana jolasa egin dute, etxekoek antolatuta, gonbidatuei Vals-les-Bains erakusteko. Gauean agur esan behar diote elkarri, ostiralean goizean goiz jaikiko baitira…afari inprobisatuak, berriketaldiak, berriro elkar ikusteko promesak…
Ostiralean atzera bidea egin behar da: trena hartu Lyoneraino, hegazkina Biarritzera eta autobusa ikastetxeraino. Laburra egin zaigu esperientzia, bai, baina horrek pentsarazten digu esperientzia ona izan dela eta, zer esanik ez, errepikatu eginen dela! Ez dago zalantzarik………Merezi du goiz jaikitzea!